soinumapa.net - ARTegiaren soinu bilketa‏ - part II


Soinumapa.net-en bigarren argitaratze honentzat, Artegiako partaideek (EKEren sustenguarekin) mikroak atera eta armairuak zokokatu dituzte. Hona zer bildu duten...


Santa-Grazi - artzaina eta bere xakurra

Goillartea. Ataritik, Pierre Eyheralt-ek xakurra igortzen du artaldearen gunez aldatzera. Artaldea gutarik 300 bat metrotan da, pareko mendi maxelan. Bere botz azkarrarekin, kasik kantuz, artzainak xakurrari manuak emaiten diozkio...

egilea: Pierre Vissler
iraupena: 4’01



Ziburu – arrain lonja
Lonja barnean nabil. Gela batean haize-pistola baten arrabotsa entzuten da. Urrunago, hozteko muntadura duen gela batean, arraina estaltzen duten plastikozko gerizak hormaz tapatzen dira.

egilea: Myriam Ayçaguer
iraupena: 4'21


Altzürükü - "Agota" kantu zaharra
Jean-Pierre Epherrek bere etxean errezebitzen nau, eta batere zeremoniarik gabe, hain gustukoa duen kantu bat hasten du. 18. mende bukaeran idatzia da, elkarrizketa gisa ekarria, eta neska gazte baten eta agota baten arteko amodio ezinezkoa kondatzen du. Kantuak, jende horiek gizartetik zoin heinetara baztertuak eta haizatuak ziren erakusten du.

egilea: Pierre Vissler
iraupena: 6'07




Entzun beste a capella kantu bat
Cascanten grabatutako jota bat,
A las rejas de la cárcel izenekoa
eta Aragoiko jotaren estiloan kantatua
egilea: Xabier Erkizia
iraupena: 1'17
 
Ziburu – Kaia
Pascal Elissalt kaian entzuten diren soinuen grabatzen ari naiz, D810 bidea dakarren zubitik hurbil. Arrantzaleak itsasotik sartzen dira. Garabiek, arrainez betetako ontziak lehorreratzen dituzte eta biharamuneko arrantzarako kutxak itsas-ontzian sartzen. Motorren burrunben artetik, botzak doi-doietarik baizik ez dira entzuten.

egilea: Myriam Ayçaguer
iraupena: 5'32


Soinumapa.net proiektua fonografian oinarritua da, erran nahi baita gure ingurameneko soinuen grabaketetan eta entzunaldietan. Sarean entzugai diren beste mundu osoko soinu mapa aunitzek bezala, Soinumapa.net-ek, Euskal-Herrian egin entzuteko dokumentu bilduma bat proposatzen du interneten. Besteak beste, entzugai dira hirietako soinuak, naturakoak, musika eta kantuak, haizearen harrabotsa, urarena, animalien garrasiak, jendearen botzak.... Soinu guzi horiek entzun daitezke, bai eta telekargatu ere, eta nahi duenak bere soinuak partika ditzazke.